XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zer zen, Harry?

- Esan zenidan Sibyl Vane zuretzat erromantzeetako heroina guztien irudia zela batera... gau batez Desdemona zela, eta Ofelia hurrengoan; Julieta bezala hiltzen bazen ere, Imogenia bezala berpizten zela berriro.

- Orain ez da berriro sekula berpiztuko - esan zuen mutikoak hortz artean, aurpegia eskuetan izkutatuz.

- Ez, ez da inoiz berpiztuko.

Bere azken obra antzestu du oraingoan.

Zuk ordea, tragedia jakobeoren bateko puska beldurgarri eta estrainoa balitz bezalaxe, Webster-en eszena liluragarri bat bezala, edo Dord-ena, edo Cyril Tourneur-ena, pentsatu behar zenuke jazteko gela barregarri hartan gertatutako heriotz bakarti hartaz.

Neskatoa ez da sekula benetan bizi izan, eta beraz ez da sekula benetan hil.

Zuretzat bederen neskatoa beti amets bat izan da, Shakespeareren antzerkien artetik ibili den fantasma bat, eta han egon den bitartean haiek maitagarriago egin dituena; kainabera bat izan da, zeinen bitartez Shakespeareren musika aberatsago eta alaitasunez osoago entzuten baitzen.

Benetako bizitza ikutu zuen orduko berriz, berak hondatu egin zuen bizitza, eta bizitzak bera hondatu zuen, eta horrela, bada, desagertu egin zen.

Izan zaitez nahi baduzu Ofelia-rengatik dolu.

Eman itzazu hautsak buru gainean Cordelia ito zutelako.

Egin ezazu negar eta Zeruaren kontra karraxi Brantio-ren alaba hil zelako.

Baina ez itzazula zeure malkoak Sibyl Vanerekin alferrik gastatu.

Hura ez zen beste guzti hauek diren bezain erreala sikiera eta.

Isiltasuna gertatu zen.

Iluntzea gela barrenera sartu zen.

Hotsik gabe eta zilarrezko oinetan, ilunpeak lorategitik etxe barrenera labaindu ziren.

Koloreak ahuldu egiten ziren, erabat gastatuak, gauzengandik ihesean.